XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Janariak gorde

Janariek oso gutxi irauten dute mikroorganismoek hondatu egiten dituztelako.

Horregatik, berehala hartu behar ditugu edo, bestela, kontserbatu.

Kontserban gordetzen ditugun janariak geroago jateko eran prestatzen ditugu.

Kontserbatzeko erarik garrantzitsuenak hauexek dira: tenperatura hotz-hotz edo bero-beroetan jartzea, gatza ematea, kontserbagarriak gehitzea, ontzea, heste barruan sartzea eta ozpinetan gordetzea.

Janariak luzaro gordetzeko, izozkailuan sartzen ditugu eta zerotik beherako 20 gradu baino tenperatura hotzagoan jartzen ditugu.

Orduan izoztu egiten ditugu.

Esnea bezalako janari batzuk guztiz tenperatura altuetan jartzen ditugu, 100 gradutik gora gehienetan.

Kontserbatzeko sistema hau esterilizazioa da.

Janariei kontserbatzeko gatza ere ematen zaie: txerriki, antxoa eta makailoari, adibidez.

Kontserbagarriak janariei luzaro irauteko gehitzen zaizkien gaiak dira.

Lata edo poteko janarietan agertzen dira batez ere.

Tenperatura bero-beroek edo hotz-hotzek, gatzak eta kontserbagarriek hil egiten dituzte mikroorganismoak edo oztopo bihurtzen dira hauen ugalketarako.

Janari gordinak, barazkiak adibidez, erosten dituzunean kontutan izan freskoak diren.

Jogurra edo esnea bezalako ontziratutako janariak erosten dituzunean, begiratu ondo iraupen-egunari.

Iraupen-eguna pasatutako janariak hartzeak gaixotasunak sor ditzake.

Begiratu goiko irudiari eta esan nola kontserbatu diren bertako janariak.

Begiratu aldizkari, egunkari, argazki edo marrazkietan eta ebaki kontserban gordetako janarien irudiak: gazituak, hestekiak, izoztuak, esterilduak, kontserbagarridunak, onduak edo ozpinetan gordetakoak.

Zergatik tratatu behar dira janariak gordetzeko?